Monday, December 21, 2009

Abenduaren 21a

Gaur negua iritsi omen da. Hala diote periodiku alemaniarrek, horretan behintzat bat datoz. Urteko egunik laburrenak amaitzen ari dira, baina hotzak ate joka omen ditugu: 10 gradu zero azpitik, 11, 4, 9. Telebistan hasi dira 2009ko errepasoa egiten, munduarentzat garrantzitsuenak izan diren gertaeren irudiak erakutsiz: Obama mesia berriak egindako edo esandako ez dakit zer, hegazkin bat Hudson ibaian lurreratzen (ureratzen?), Michael Jacksonen heriotza... Estatu Batuetako gertakariak dira ia denak, bertan gertatutakoen artean Angela Merkel berriz kantziler hautatu izana eta beste pare bat baino ez dituzte aipatzen. Baina tira, Alemaniak aspaldi galdu zuen nortasuna; hori aspaldidanik genekien.
Baina alemaniar periodiku eta telebistek ez dakitena (edo jakin nahi ez dutena) da Euskal Herrira aspaldi iritsi zela negua, hotza hezurretaraino sartuta daukagula, eta gehientsuenoi mingarriegia zaigula 2009ko errepasoa egitea.
Bada garaia egun argiagoak geurera ere iristeko.


0 comments:

Post a Comment