Tuesday, December 22, 2009

Azukre-poltsa basatiak



Kasu egingo diogu?

Monday, December 21, 2009

Abenduaren 21a

Gaur negua iritsi omen da. Hala diote periodiku alemaniarrek, horretan behintzat bat datoz. Urteko egunik laburrenak amaitzen ari dira, baina hotzak ate joka omen ditugu: 10 gradu zero azpitik, 11, 4, 9. Telebistan hasi dira 2009ko errepasoa egiten, munduarentzat garrantzitsuenak izan diren gertaeren irudiak erakutsiz: Obama mesia berriak egindako edo esandako ez dakit zer, hegazkin bat Hudson ibaian lurreratzen (ureratzen?), Michael Jacksonen heriotza... Estatu Batuetako gertakariak dira ia denak, bertan gertatutakoen artean Angela Merkel berriz kantziler hautatu izana eta beste pare bat baino ez dituzte aipatzen. Baina tira, Alemaniak aspaldi galdu zuen nortasuna; hori aspaldidanik genekien.
Baina alemaniar periodiku eta telebistek ez dakitena (edo jakin nahi ez dutena) da Euskal Herrira aspaldi iritsi zela negua, hotza hezurretaraino sartuta daukagula, eta gehientsuenoi mingarriegia zaigula 2009ko errepasoa egitea.
Bada garaia egun argiagoak geurera ere iristeko.


Inspirazioa

herdoilduta daukadala dirudi, azken asteotan lotsarik gabe guztiz ahaztu bainaiz bloga elikatzeaz. Ez dut aitzakiarik, ez bada, astebeteko oporrak egin ditudala etxean, Zarautzen; ia bertso-gaindosi batek eman didala; Berlingo hotzera ohiturik Euskal Herriko haizeekin gaixotuta ohean sartuta ibili naizela; lehenengo aldiz Gasteizko ostegun unibertsitario famatua probatu dudala (Berlinen ez dira ostegunak: Berlinen astelehenak, astearteak, asteazkenak, ostegunak... dira); agenda lagunekin hartu beharreko zerbeza eta infusioz beteta neukala... aitzakiarik onena, seguruenik, zera izango da: orain berriz Alemanian nagoela, zero azpiko 15 gradutan, gaileta batzuez salbu zer egin handirik gabe, eta hala ere, blogak ikutu gabe segitzen du. Behatzak izoztu egin zaizkit.




Tuesday, December 8, 2009

"Txapela buruan ta ibili munduan"

Ez dut inoiz oso ondo jakin zer esan nahi duen esaera horrek. Baina geroz eta nabariago ikusten dut txapelek guk baino gehiago bidaiatzen dutela munduan zehar: Berlinen, behintzat, etengabe ikusten ditut, modaren tontorrean, harro-harro eta glamour punttu batez kaleetan zehar paseiatzen.
Zer gertatu da geure betiko txapelarekin (tira, ez dakit oso egokia den nire belaunaldiko norbaitek "geure" deitzea txapelari, guk ere Euskal Jai egunean eta agureen buru gainean soilik ezagutu dugulako), geure herrian lotsa, irri edo sinbolismo hutsezko begiradak jasotzen dituenarekin, Europako kapitaletan horren maitatua izateko? Zapi palestinarraren antzera, esanahi oro galdu eta arropen multinazionalei saldu al die bere burua, accesoire huts bat bihurtuz? Edo moda honen zabaltzeak egin al diezaguke mesede, gure kultura zabalduz?
Mila dira metroan ikusten ditudan txapelek sortzen dizkidaten galderak; haiek daramatzatenek erantzun ezin dizkidatenak, seguruenik.