Tuesday, January 19, 2010

2010az

"Aurten... erretzeari utziko diot. Eta parranda gutxiago. Eta ikasketetan kontzentratuko naiz. Eta lana ere topatuko dut. Eta hiru kilo jaitsi, gabonetan hartutako beste bi ere bai. Egunero berrituko dut bloga. Eta hilabetean, gutxienez, liburu bat irakurri. Kirola ere egingo dut; hori da, igerilekura joaten hasiko naiz berriz. Eta astean bi aldiz korrika egitera. Hori bai, familiari eta lagunei kasu gehiago egingo diet, astean gutxienez pare bat arratsalde eskainiko dizkiet bakoitzari. Koadro bat ere bukatu behar dut. Eta ingelesa ikasi. Gainera, astean behin zinera edo antzerkira joango naiz. Eta bidaia luze bat ere egingo dut. Sukaldean ibiltzen ikastea ere, txarra ez. A!, eta argazkilaritzako kursilo hartaz informatu behar naiz..."

Bai, behingoz probetxuzko zerbait egiten hasiko zara, ez 2007a, 2008a eta 2009a pasa dituzun bezala. Egin ezazu helburutzat hartu duzun guzti hori, eta orduan zoriontsu izango zara.


Urte berrirako helburuak erabakitzeko hartu genuen arratsalde hartan, orri zuriaren aurrean nengoen, zer idatzi jakin gabe. Nik, 2010a bukatzerako nahi dudan bakarra, zera da: 2011rako helburuak idazten ditudanean, orain nagoen bezala egotea, zer idatzi jakin gabe; izatekotan, aurreko urtea pixkat gehiago luzatzeko desioa izatea, besterik ez.


0 comments:

Post a Comment