Saturday, January 30, 2010

Saguen ziutatea

Metroko estazio batean nengoen, U7a iristeko zain, Mehringdamm-en, oso oker ez banabil. Ez du gehiegi axola. Kontua da bankuan eserita nengoela, Ziutateaz irakurtzen. Ni neu ere ziutate arraro batean nago, pentsatzen nuen, ez liburukoa bezain beldurgarria, baina bai bera bezain zorabiagarria, batzutan. Atxagaren liburuak zorabioa eragiten baitit. Batez ere metroan noanean.
Hurrengo trena iragartzen duen taulara begiratu nuen: bi minutu. Tira. Liburua itxi eta nasa ertzetik paseiatuko dugu apur bat. Errail arteko harritxoei begira ari nintzela, bat mugitzen ikusi nuen: sagu bat zen, sagu gris txiki bat, harri artean kamuflatuta. Korrika zihoan, hiri honetako guztiak bezala, presaka, hurrengo geltokira iristeko. Nik esan nahi nion itxaron zitzala bi minutu, berehala etorriko zela U7a, baina iada urrutiegi zegoen ni entzuteko. Eta orduan ohartu nintzen, beste harritxoak ere urduri zeudela, denak mugitzen ari zirela, harri artetik beste bi sagutxo irteten ikusi nituen arte, eta gero beste bat, beste bi, beste hiru; errail artean ez zegoen harririk, saguak besterik ez. Korrika, joan-etorrian, presaka, gelditu gabe, elkar jaten, urduri...
Orduan U7a iritsi zen. Jendez gainezka zihoan. Guztiak korrika, joan-etorrian, presaka, gelditu gabe, elkar jaten, urduri. Saguek ez zuten sartu nahi izan. Nik ere ez. Azkenean oinez joatea erabaki nuen.


1 comments:

  1. ASko gustatu zait hau. Horrelakoak gehiago irakurri nahiko nituzke. Eman egurra!

    ReplyDelete