Alemanian hegoaldetik etorritako etorkin asko dago: italiarrak eta turkuak, gehienbat. Eta alemaniarrek argi eta garbi erakusten diete non dagoen euren maila: apur bat beherago. Italiar gutxi ikusten dira unibertsitateetan, zer esanik ez turkiarrez.

Asteburu eta zubietan Berlin hegoaldeko beste etorkin mota batez betetzen da; turista-tropa espainolez. Harro eta builoso ibiltzen dira bertako kaleetatik, Madrilen baleude bezala: total, Europan daude, eta beraiek ere hiritar europarrak dira, etxean daude. Baina ez dakitena da (edo itxuraz ez behintzat) hemen Espainiari buruz duten irudia ez dela beraiek uste dutena: Espainia ez da Europa, ia Afrika da. Espainia hegoaldean dago, eta oporretarako balio du. Espainiarrak txikiak, beltzaranak eta iletsuak dira. Eta guzti hori gutxi balitz, duela aste batzutatik bolo-bolo dabil prentsan albiste deigarri bat: Espainiako estatuak poltsikoak hutsik dituela – eta Alemaniak ez dituela bera, Italia eta Grezia salbatu nahi.
Nik beti izan dut susmoa Espainia Europaren atzetik herrenka ibili dela, eta dabilela; ikastolako betiko “gixajoa” haur popularren atzetik bezala, nahi eta ezinean. Hortik datoz “Espainiaren eta Europaren batasunaren garrantziari” buruzko diskurtsoak. Baina nork esan die espainiarrei Europak benetan eurekin batu nahi duenik? Nik, hemengo kaletan, ez dut horrelakorik ikusten. Eta beldur naiz Euskal Herriak jasaten duen zapalketa ez ote den neurri handi batean Espainiaren gutxiagotasun-konplexuaren ondorioa izango...

0 comments:
Post a Comment