Etxera noa. Hegazkinez. Berriz. 2009ko urriaren 5 hura gogoratzen didate hegazkinek. Bakarrik noanean batez ere. Orduan ere bakarrik bainindoan. Inora ez, ezerezera. Berlinera. Eta hala ere, harrigarriki, "lagun" bat suertatu zitzaidan alboko aulkian: biok batera ireki genuen etxetik ekarritako Berria, azafatek eskainitako ABC eta El Mundo-ei uko eginda. Zeinen erraz identifikatzen diren norberarekin identifikatzen direnak! Elkarrizketan sartu eta kasualitatea: Getariako bizilaguna, Filosofiako irakaslea eta Alemanian ikasia. Ni zarauztarra, Alemaniara bidean Filosofia ikastera.
Oraingoan ez. Oraingoan etxera noa, Euskal Herrira, baina badirudi hegazkinez konfunditu naizela, edo leku horretara doan bakarra naizela: inguruan ez dut euskararik irakurri edo entzuten. Alboko neskatilak "Ama, iada Espainian al gaude?" galdetu dio amari alemanez. Amak ezetz erantzun dio espainolez, oraindik Frankfurten gaudela. Baina hemendik bi ordura, Loiun gaudenean ere ezetz erantzungo al dio?

0 comments:
Post a Comment