Monday, April 26, 2010

1937-2010

1937ko apirilak 26, astelehena. Azoka eguna, giro alaia kaleetan: inguruko baserritar guztiak bertan, haurrak jolasean, herritarrak berbetan. Arrautza dozena bat hemendik, urdaiazpiko bat handik – bat-batean eguzkia itzali den arte, beste mila eguzki beroegien trukean. ANGRIFF!!! hotsezko bonbek txikitzen dute guztia. ANGRIFF!! WAFFEN!! KRIEG!!! soinuez lehertzen dira barazki-postuetan. Gernikarrek ez dute ezer ulertzen. Ez dakite nondik datorren kazkabar goria, ez nora ihes egin honengandik babesteko. Ordu gutxiren buruan irriak, negozioak eta berbak oihu, negar eta beldur bihurtu dira.

2010eko apirilak 26, astelehena. Azoka berria dago herriko plazan: supermerkatu handietako sukurtsalek eskaintza susmagarriki merkeekin bonbardatzen dituzte erosleak. Ez, erosleak ez; kontsumitzaileak. Tetrabrikak kontsumitzen dituzte, eta baita periodikua ere (oraindik bada DV egunkari seriotzat duenik). Kalean autoak azkarregi pasatzen dira, eta haurrak etxean gelditu dira, kalean jolas egin ezin dutelako. Irririk ez da nabari azokan: berba isil eta sekretu batzuk baino ez, inork ez duelako inorekin ezer konpartitu nahi. Kale kantoian, bi polizia kamuflatu giro “baketsua” kontrolatu nahian. 73 urte pasatu dira, baina beldurrak hor darrai.

Hemen duzue Gernika koadroaren 3D bertsioa, egunen batean geure egoera ere norbaitek lientzo batean tatuatuko duenaren esperantzan:

0 comments:

Post a Comment