Bitxia izan da Zarautzek eskaini didan azken irudia. Goizoegi iritsi naiz Gurutze Gorriko autobus-geltokira, eta pixkanaka, haur mordoxka baten erdian topatu dut neure burua. Banan-banan zetozen, bakoitza bere amari tiraka. Aita bakarra ikusi dut. Autobusaren zain zeudela, irudi alaia eskaintzen zuten ama-umeek: haurrak jolasean eta helduak solasean.
Autobusa heldu da. Haurrak igo eta agurtzeko keinu eta aurpegi tristeak agertzen hasi dira leiho zabaletatik, autobusak helmugatzat Berlin izango balu bezala, eta ez ikastola. Amek ere eskua gogoz astinduz erantzun diete, geltokiko banku gainera igota, autobusa bistaz galdu arte.
"Ze xalauak" komentatu dute gero euren artean, "zenbat sentitzen duten agur bakoitza".
Gero asteburuko partiduei buruzko komentario hutsalak trukatu, elkarri agur esan eta etxera abiatu dira, bakoitza etorri den bidetik.
Baina nork sentitu du gehien agurra?


0 comments:
Post a Comment