Monday, April 26, 2010

Raul Zelik - Der bewaffnete Freund (Lagun armatua)


Aspaldi batean, Berlinen euskal dantzen jaialdia antolatu zutenean, Tacheles arteleku ex-alternatibora jo nuen Kukai Dantza Konpainiaren
Hnuy Illa ikustera, herri minezko olatu batek bultzatuta. Handik irtetean postutxo bat zegoen, Euskal Herriko turismo gidak, Argiñanoren errezeta-libururen bat eta euskal literatura apur bat saltzen zuena. Ezer interesgarririk ez, liburu batek neure arreta erakarri zuen arte: "Der gefrorene Mann” zioen azalak; Lagun izotuaren gutxi gora-beherako itzulpena. Itzultzailea, Raul Zelik delako bat. Laster jakin nuen Zelik gure unibertsitateko irakaslea ere badela, eta Euskal Herriko egoera nahiko ondo kontrolatzen duela.

Aste honetan irentsi dut Zelikek 2007an argitaratutako
Der bewaffnete Freund ("Lagun armatua"), eta onartu behar dut aspaldian irakurritako beste edozein liburuk ez bezala hunkitu nauela eleberri honek. Espero nituen aurreiritzi eta klitxeetatik urrun, zintzoki deskribatzen ditu gatazka politikoaren gorabeherak eta bertakook bizi ditugun beldurrak. Ez dakit zerk egin didan horrelako inpresioa; azken batean, ez dit ezer berririk kontatu. Agian alemanieraz irakurri dudalako da, beste hizkuntza baten betaurrekoak jantzita. Agian ni neu nago sasoi sentikorrago batean. Baina aste honetan inoiz baino gogorrago astindu nau beldurrak.

0 comments:

Post a Comment