Wednesday, June 9, 2010

Nor da Zarautz?

Zarauztarrok pijoak omen. Herria bera omen da pijoa, betidanik izan omen da hala: Isabel bigarrenak eta gainerako jauntxoek oporretarako erabiltzen zuten lekua, hondartza luze eta zabala, iragarkitako surflari ilehori mordoxka bat, primera lineako Villa Teresita, Villa Guadalupe eta Villa Munda guztiak, malekoi dotore kafetegi ezin garestiagoz betea... Hori da behinik behin sinestarazi nahi izan digutena; gure herria aberaskume kanpotarrentzat edertutako luxu bat besterik ez dela, eta gainera harro sentitu beharko genukeela dunak golfeko kanpo bihurtu dizkigutelako (benetan, zenbat zarauztar joaten dira hara? Nik, behintzat, ez dut golfa inoiz zapaldu).

Eta udalaren jarrerak ere horixe erakusten du: Zarauztarrok bigarren mailako herritarrak garela. Horregatik inposatzen dizkigute garbitasunaren inguruko udal ordenantzak, herritar xume basati eta zibilizatugabeok kalean pixik egin ez dezagun, goizeko 9ak baino beranduago alfonbrak astin ez ditzagun eta kaleak kartel aldarrikatzailez zikintzea okurritu ere ez dagigun. Kalea kolorerik gabe gelditu dadin, existituko ez bagina bezala; txintxik ere atera ez dezagun, ezerk ez ditzan turistak euren resort estiloko baketik atera.

Zorionez, badira herrian isilik gelditzeko prest ez daudenak; ez gaudenak. Eta aspaldiko partez Zarautz benetan den bezala (edo izatea nahiko nukeen bezala) agertu zen igandean: festa giroan, aldarrikapen umoretsu batean 500 lagun bilduta, gure festen alde, herritarron alde. Udalak gehiago begiratu beharko lieke horrelako ekimenei, kanpotik heltzen diren eskaerei baino – hauek baitira Zarautzen benetako beharrak.

Txosnen aldeko bideoklipa hilaren 19an estreinatuko da, baina bitartean, hemen dituzue grabaketako irudi batzuk. On egin dizuela!




Ez ahaztu http://gurekinjai.mundua.com/ blogetik pasatzea eta zuen atxikimendua ematea!


1 comments:

  1. Kuriosoa da baina iduritzen zait Zarautzen badela blogari euskaldun harrobi bat.. tabernari bat duela urte batzuk, "azken portua" gero, zu orain (erasmus belaunaldi famatuakoa ?). Segi hola !

    ReplyDelete