Zarauzko alkategaien mahai-ingurura joan nintzen atzo. Ezer jan gabe, badaezpada. Ikuskizuna doan eskaini zuten, melodrama absurdo eta makabro samarra, nire ustetan. Hasieran, pailazoz pailazo, zirku ederra osatu zuten bakoitza bere muskulitoak erakusten. Amaierarako, zirku erromatar bat baino ez zen hura: gaiak haragi zatiak ziren piztia amorratuen artean, denak erasorako irrikitan. Errepasoa egingo dut, eskuinetik ezkerrera, edo ezkerretik eskuinera, jada ez baitakit zer dagoen non nire aldetik begiratuta.
Bakoitzak bere kartak jokatu ditu. EAJ eta PSE-EEk Primo Zumosolen jokerra atera zuten behin eta berriz: Diputazioa batak, Eusko Jaurlaritza besteak. Imanol Lasak argi samar utzi zuen nondik jo nahi duen; bi ordutan gehien errepikatutako hitza ziurrenik “dirua” izango da. Dirua planak onartzeko, dirua berdintasuna sustatzeko, dirua, dirua, dirua... eta, dirua eta enpresak dauden lekuan, zertarako hezi gizartea balio apal eta humanoagoetan?
PSE-EEko zinegotziaz esanda dago gehientsuena; edo esan zuten aretoko txistuek. Amorrutik eta paranoiatik eraiki nahi badu udala, ederra daukagu; udal kontuetan gizarte gaietan bezain lotura inkoherenteak egiten baditu, laster gara euskarazko ezer gabe (badaezpada ere, ez ote dituen hizkuntzak behar baino sarraski gehiago bultzatuko).
Nik eskatuko nuke, dena den, hurrengo udala edozein izanda ere, gorde dezatela aurrekontuaren partida bat zinegotzi honen buruko osasuna aztertzeko, ikusteko ea egoera horretan benetan politikagintzan jarduteko moduan dagoen.
PPkoa lasai ikusi nuen, eta baditu lasai egoteko arrazoiak: botoak irabazteko aukerak zerotik oso gertu daude. Bere zorterako, galtzeko ere ez ditu boto-emaile asko. Beraz, bota ditzala lasai Ikastolen aurkako iritziak (hori bai, “nahi gabe”, ondo disimulatuta). Bide batez, kuriosoa iruditu zait nola Zarautzen espazioa eskatu baino ez duten egiten, “denen inklusioaz” hitz eginez, eta Madrilen jota euren erreinua zabaltzeko lanetan diharduten, besteak ahal beste zapalduz. Hemen, badaezpada ere, apal-apal.
Xelebreen, Hamaikabatekoa. Ahots dardartiak eta buru soil xamarretik behera zetozkion izerdi-tantek salatzen zuten ez zegoela batere, batere eroso. Eta egoteko moduan! Lan zaila izan behar du zure alderdiak aurreko agintaldian egindako okerrak justifikatu behar izatea: guztiz logikoa izaten da halakoetan norbere eskuak garbitu, alderdiaren errepresentante zarela ahaztu eta beste zinegotziei esatea: “Aizue, baina ni ez naiz egon aurreko udalean, zuek egon zarete!”. Irriak irri, azken zati horretan arrazoia eta dena zeukan: besteak bazeuden lehendik ere.
Txukunen Andoni Ibarguren ikusi nuen, Aralarrekoa. Tira, gauza jakina da politikari baten diskurtsoan garrantzi gehiago ematen zaiola gauzak nola esaten dituen, zer esaten duen baino (normalean NOLA horrek ZER-a disimulatzea komeni zaie, ZER-a ez baita izaten herritarrek entzun nahi dutena): hor daukagu Lasa azkar eta seguru hitz egiten (egon zitekeen igual-igual erosketen zerrenda errepasatzen, inpresio bera emango luke), zenbakiekin harrotuz (zenbakiek, ene ustetan, ezer gutxi adierazten dute, baina ez al da ondo gelditzen herritar ezjakinon aurrean? “Joño, honek badaki”).
Ba, Ibarguren argi aritu zen, epel eta azalean, noski, baina behintzat eroso zegoela sumatzen zen. Soilik, baten batek azalduko balit zein funtzio betetzen duen Aralarrek gaur egungo panorama politikoan...
Bilduko hautagaia berria da udalean, eta egur ederra jaso behar du oraindik. Hizketan trakets, argumentazioan pobre samar; bestela ere izango genukeenaren alternatiba desberdintxo bat proposatuz, besterik ez. Alde dauzka boto emaile inkondizional mordoa, baina, atzokoarekin berri gutxi irabaziko dituela iruditzen zait. Eskerrak badiren herrian Garaikoetxeaz eta Imanol Muruaz enamoratuta jarraitzen duten señora asko!
Oro har, denak azalean gelditu ziren, hitz ederrekin arazoaren gainetik pasa nahian bezala. Krisitik ateratzeko? Planak, aurrekontuak, proiektu handiak. Krisia horiexek ekarri dutela aipatu ere ez. Langabezia? Bai, badago, eta herriko enpresak sustatu behar dira, gazteak... intentzioa dena delakoan.
Berdintasuna? Bai, tira, ba, kontzientziazioa, norbere etxean... hor, badaezpada ere, ahotsa oso apal, ezer okerrik ez esateko. Motzean, sei hautagai gizonezko, eta eroso asko gainera (ikusi nahiko nuke EAJko hautagaitza emakume baten esku). Talde feministak behin aipatu zituzten, esanez bezala beste guztiak ez direla feministak (egia esan, “feminismo” hitzak denen ahotan bukatuko balu, beldur naiz ez ote lukeen balioa galduko, “demokrazia” hitzari gertatu zaion bezala).
Zer nahi duzue ba esatea, erantzun horiek eskolako ariketetan ematen dituzte ikasleek. Horraino edonor ailegatzen da. Enpresa inmobiliarioak espekulazioarekin bezala, promesetatik bizi dira politikariak ere; botoa ematen duenak onartu beharra dauka hori.
Hautagaiek euren burua loriatzen, besteei gaizki egin dutena leporatzen (eurek ere antzeko egingo zuketen arren) eta beteko ez dituzten promesak egiten diharduten bitartean, herria haserre dago. Atzo giroa bero zegoen aretoan, eta bero dago kalean, egunero suma daitekeenez.
- Haserre daude Ikastolako gurasoak, haurrak eraikinean ezin kabiturik daudelako eta hormak ondo margotzeko dirurik ere ez dagoelako.
- Haserre daude etxean zaharrak dituztenak, zaintza lanetarako laguntzak hutsaren hurrengoa direlako.
- Haserre euskalgintzan dihardutenak, “herri euskalduna” denaren aitzakipean udalak ez duelako kolpe zorrik jotzen, eta lan eraginkorraren gehiena haien esku gelditzen delako.
- Haserre emakumeak, instituzioek ustezko berdintasuna saltzen dutelako eta gero erasoak gertatu, gertatzen direlako.
- Haserre daude herrigintzako eta kulturako eragileak, kostata lanpernak lortzen dituztelako lanerako behar dituzten gutxieneko baliabideak.
- Haserre, Alde Zaharrekoak, euren patioei buruzko erabakiak eurengandik ihesean bezala hartzen dituztelako.
- Haserre daude gazteak eta diru gutxi duten zarauztarrak (gero eta gehiago dira, eta gero eta diru gutxiago dute), udalak turistak jainkotzen dituelako eta beraientzat ez dagoelako ez lekurik, ez eta zerbitzurik ere.
- Haserre ez, amorratuta daude Labi eta Xaporraren epai bidegabea jarraitu duten guztiak.
- Haserre etorkinak, integrazio politika egokirik ez dagoelako eta azkenean euren ghettotxoetan antolatu behar dutelako.
- Haserre daude langileak, prekarietatea gero eta amildegi handiagoa bihurtzen ari delako, eta ate joka dutelako langabezia.
Bukaeran galderak egiteko tartea izan zen, baina oso txikia. Nire galdera honakoa da: udalekoek ez dute sumatzen herritarren haserrea? Edo sumatzen dute, eta hala ere lasai egiten dute lo, parte-hartzeaz, berdintasunaz eta bakeaz hizketan? Posible al da udal bat herritarretatik hain urruti egotea?

0 comments:
Post a Comment