Thursday, June 23, 2011

Puten martxa

Puta hitza ahoskatzea kosta egiten da, ezta? Badaezpada ere, prostituta, txukunago gelditzen da. Puta hitzari diogun fobiak ere erakusten du, nolabait, ofizioaren izaera: hobe ezkutuan mantendu, inork ez baitu ezer jakin nahi jarduera zikin (!?!) horrekin.
Hori dena, sexu langileetaz ari garenean, noski. Bestela, ez zaigu gehiegi kostatzen norbaitetaz puta dela esatea: nahikoa norberak baino gehiago ligatzea, apellido hori jartzeko. Eta, puta ez bazara ere, argi! Agian sosa izango zara, edo lehorra... adjektibo peioratiborik gabe bizi daitezkeen emakume-mota perfektuen espektrua oso estua da.
Urtarrila hasieran, Kanadako poliziaburu batek ere bota zuen ederra: hobe luketela emakumeek putak bezala ez jantzi, indarkeria sexistaren biktima ez izateko.
Tira, ez gara sartuko esaldi genial horrekin; gauza jakina da indarkeria sexista probokatua baino ez dela, eta gizonezkoak kontrolatu ezinezko izaki basatiak direla, eta neska batek arropa probokatzailea janzten badu, beti jazten duela gizonezkoei arreta emateko... klaro, klaro.
Kontua da, horri erantzuteko, manifestazio bat antolatu zutela apirilaren 3an, Torontoko parke batean: Puten Martxa deitu zioten (Slut modu gehiagotara ere itzuli daitekeen arren), emakumeok geure itxura, gogo eta jarreren jabe garela aldarrikatzeko. Eta, noski, neska mordoa joan ziren putaz jantzita.
Orduz geroztik munduari bira ematen ari da SlutWalka: Australian, AEBetan, Brasilen, Herbehereetan, Dinamarkan, Erresuma Batuan eta Eskozian egin dituzte manifestazioak, besteak beste.
Asteburu honetan Portugalen, Zeelanda Berrian, Indian eta Mexikon irtengo dira kalera, eta udan Hego Korean, Finlandian, Irlandan eta Alemanian dira protesta egitekoak.

Euskal Herrian ere puta asko gaude. Noizko Slutwalk bat hemen?




0 comments:

Post a Comment