2011ko urrian Emaraun aldizkarian argitaratua.
Denbora asko pasatu da familiako lehenengo Osoko Bilkura hartatik, gurasoek antisorgailuak zer ziren azaltzeko mahai ingurura deitu gintuztenetik. Olentzerorena jakin eta gutxira izango zen; gurasoek entsegatuta zeukaten, baina urduritasunez, dena erdi-gaizki azaldu ziguten. Guk, ezer ulertu ez, eta badaezpada galdera gehiago ez egitea erabaki genuen. Pleno hartako oroitzapen lausoarekin eta amaren oharpenekin - “Ez sartu inoren kotxean!” - abiatu ginen gure nortasuna eraikitzeko bidean. Nahiko tresna gutxirekin eta bakarrik, ikusten duzuen bezala.
Gu bakarrik mundu osoaren aurrean, helduleku sendoegirik gabe. Sexualitatea, hilekoa, beldurrak... denak arazo pertsonalak zirela pentsatzera ere iritsi ginen. Hamaika-hamabi urterekin masturbatzen zen neska bakarra geu ginela iruditzen zitzaigun: ezinezkoa zirudien gelako neska pinpirin haiek guztiak ere horretan aritzea.
Azkenean, eredu sano samar bat eduki ezean, telebistan eta orduan irakurtzen genituen Bravo aldizkarietan orientatu behar norbere esperantza eta perspektibak: hortik ikasi genuen mutila topatzea prozesu luze eta arautu baten azken helburua zela, eta urrats bakoitza, ondo eman beharrekoa.
Hamahiru urterekin inguruko mutilak telebistakoen antzekoak izan zitezen saiatzen ginen, eta gure irudimenetik aurrera, geldirik egoten ginen, printzesen gisan, Egan-ek Behin batian Loiolan jotzean nork edo nork dantza egiteko eskatuko zain. Esan gabe doa inork ez zigula eskatzen.
Hamalau urterekin oraindik inori musurik eman gabe geundelako kezkatu ginen; hamasei urte betetzerako egin beharko genuen, ba, larrutan! Eta hamabostekin, egindako ahalegin guztien sari gisa behingoz mutil perfektua lortutakoan (edo, hura lortu ezean, hurrengo onena) ohartu ginen harremana ez zela espero bezalakoa: kostatu zitzaigun ulertzea dramek eta zeloek ez zutela maitasunik adierazten, eta sakrifizioek ez dakartela saririk trukean.
Lagunekin gaiaz hitz egiten hasi arte, egia absolututzat geneuzkan uste ustel asko. Eta berandu hasi ginen hitz egiten, bai horixe. Lehenengo aitzakia Sexo en Nueva York-ek eman zigun: telesail harekin ikasi genuen neskok ere iniziatiba har dezakegula ondo pasatzerakoan, eta egin nahi dituzun gauza mordoa geldituko direla egin gabe beti kanpora begira bazaude. Ados, edertasun eredua ez zigun gehiegi aldatu (ezta pantojismoa ere), baina behintzat jostailu sexualak zer diren iradoki zigun (Samanthak erabiltzen zuen zabu haren bila nabil oraindik). Eta, batez ere, masturbazioaz hitz egiten hasi ginen horren ondoren.
Pixkanaka, ohartu ginen zergatik gustatzen zaigun gure gorputzaz hitz egitea, eta zergatik ez aitakeriaz tratatzen gaituztenean, printzesa izatearen aitzakian. Maitasunak gu deskubritu zain geundela egindako txorakeriez hitz egiten hastean ohartu ginen denok geundela mutil berberaren zain, eta inori ez zitzaiola ondo atera. Erasoak ulertzen hastean ikusi genuen amak kasurik okerrenerako bakarrik prestatu gintuela. Eta apurka ohartu ginen lagun arteko harremanak ere izan daitezkeela intimoak, edozein pertsonarekin berdin gozatu dezakegula, harremanak ez direlako klausula itxidun kontratuak.
Neskon artean elkartzeak ekarri zizkigun errebelazio handienak: arazoak erdibitu eta ilusioak bikoiztu egiten baitira konpartitzen ditugunean.

0 comments:
Post a Comment